Urolako Bide Berdea
Bizikletaz edo oinez Urola ibaiaren noranzkoa jarraituz burutzeko bide singularra
Oinezkoentzako zein txirrindularientzako egokia den ibilbide erakargarria da. Aizkorriko mendi-hegalean hasi eta ia Kantauri itsasoraino iristen da. Hasiera Legazpiko Mirandaola parkean ematen zaio eta 37,5 kilometrotan barrena bidegorria eta bide berdea tartekatzen ditu, tunel eta zubi ugari dituen ibilbidea eginez. Bidea Zestoako Iraeta auzoraino iristen da etenaldirik gabe. Puntu honetatik aurrera 4 kilometroz, ibilbidea soilik errepidez egin daiteke Zumaiako Narrondo auzoraino, eta bertan berriz ere oinezkoentzako eta txirrindularientzako egokitua dago. Azken kilometroek Zumaiako zamalanetako kai zaharrera hurbiltzen gaituzte, eta kaiak ibilbide turistiko honen amaiera markatzen du. Mugikortasunari nahiz turismoari dagokionez baliabide bikaina da.